Elkarlan jaia ekainaren 21ean

ELKARLAN euskaltegiok ( Bilbo Zaharra, Gabriel Aresti eta Juan Mateo Zabala ) euskara ikasi duten eta ikasten ari diren guztiei zorionak eta eskerrak emateko euskara ikasleen jaia antolatu dugu ekainaren 21ean Bilboko Kafe Antzokian.

Iaz bezala, Bilboko euskaltegietan euskara ikasi eta erabili nahian aritu direnak omendu nahi ditugu, borondateaz gain beste asko behar baitu ahalegin horrek, eta, bide batez, aipu berezia egin ikasturte honetan 1. maila eta 2. maila lortu duten guztiei Euskalduna agiria emanez.

Elkarlan euskaltegion logoa ibaia da, mugimendua adierazten du, sortu eta sekula amaitzen ez den mugimendua, hauxe da gure nahia eta helburua, ezagutza ematea, motibatzea eta hizkuntza erabiltzea, ibaiak horixe ematen du aditzera, bidea da, iturria eta itsasoa lotzen dituena, zubiak eraikitzera behartzen gaituena.

Eta ibaiaren irudiarekin batera, bidaiarena dator, euskara ikastera eta erabiltzera bultzatzen gaituen motibazioaren iturritik ezagutza eta erabileraren itsasora eramaten gaituen bidaia.

Ibai eta bidaia guztietan gune eta une ezberdinak dira, urlasterrak eta oztopoak, geldialdiak eta laburbideak eta, gure ibai honetan ere, urak bere bidea egiten du, amaieran euskararen itsasora heltzeko.

Elkarlanek bultzatu nahi duen irakaskuntza eredua, integratzailea, bizia, eguneroko bizitzan erabiltzeko-bizitzeko modukoa da, euskaraz komunikatzen garenon komunitatea zabaldu, handitu eta aberastekoa.

Gure ikasleek ederto irakatsi digute euskara ikastea bidaiaren hasiera dela, etxekoekin, lagunekin eta lankideekin euskaraz mintzatzera, euskaraz irakastera, seme-alabekin euskaraz hitz egitera, euskaraz jolastera, erakunde zein enpresetan, denda eta tabernetan hiritar eta bezeroak euskaraz hartu eta atenditzera, interneten nabigatzera eta abarretara heltzeko bidaiaren hasiera, eskola eta euskaltegitik haratago abiatzen dena.

Emandako pausoak ospatu, aurrean ditugunak txalotu, eta euskaldunok osatzen dugun komunitatera ongietorria emateko, jai ekitaldia antolatu dugu:bertsolariak, antzerkia, kantariak, testigantza, Euskalduna agiriaren banaketa, aurreskua, luntxa eta erromeria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude